|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
![]() |
|
|
HALA BEDI, SEGI BEDI: TXEMA RAMIREZ Hamasei urte. Oker ez banago hamasei urte igaro dira Hala Bedi Irratia sortu zenetik. Ordutik hona Gasteiz hiria eta Hala Bedi Irratia bera ere aldatu egin dira, makina bat mudantza gertatu dira (azalekoak batzuk, errotikakoak besteak). Bizkitartean, denok “nagusitu” egin gara. Hala Bedi Irratia 1983ko abuztuaren 5ean sortu zen, “gasteiztar guztion amaren egunean”, alegia. Egun seinalatua benetan. Kalean, giroa irakiten zegoen. Jende guztia, aztoratuta: Zapa street-ko prozesio ateoek gazte-koadriletan ere eztabaida latz asko sorrarazi zituzten: batzuk alde, beste batzuk kontra. Erlijiotasuna, Andre Mari Zuriaren aldeko ekimenak, antiklerikalismoa… den-dena bere punturik gorenera iritsi zen urte berezi haietan. Hiri saindu honetan, gasteiztar peto askoren gogoa asaldatuta, izututa, ibili zen garai hartan. Ordukoak ziren ere Hertzainak eta La Polla Records taldeen sorrera loriatsua, “Resiste” fanzinearen jaiotzea, Gaztetxea lortzeko lehen ekimen goiztiarrak… Jakina, giro guzti hurak ez zuen Hala Bedi oharkabean harrapatu. Areago, giro hurak bultzatuta sortu zen Hala Bedi. Deskuiduan bai harrapatu zuen, ordea, orduko gobernadore zibila: Alizia Eizagirre. Abizenez euskalduna, baina sorterriz riojana. Hala Bedi Irratia emakume harekin zorretan dago, bera ere euskaldunokin zorretan dagoen bezala (hemendik igaro ondoren garatu zuen karrera politikoa Gasteizko probalekuari zor dio inolako zalantzarik gabe). Emakume hark agindu zuen lehenengo Hala Bediren ixtea. Itxierekin batera, Alde Zaharreko karrikak ke-potez, izerdiz eta adrenalinaz bete ziren. Hamasei urte hauetan, berriz,… mundu osoan izan dira gorabehera franko; baita Hala Bediko estudioetan ere: ehunka pertsona igaro dira; beren mikroei esker, makina bat kolektibok hartu dute hitza; elkartasuna uhinetan ezezik, hainbat pertsonaren bihotzetan ere pausatu da urteotan… Hasierako mezu marrats eta lotu-gabe haiek, findu eta “profesionalizatu” egin dira. Ah!, “profesionalizazioa” aipatu dugu, hitz bihurria, makina bat buruhausteren iturria. Orduan arbuiatuta eta gaur, ohore guztiekin, onartua. Ongi etorria andere sotil hori! Zergatik ez profesionalizatu? Hala Bedi bihurri xamar jaio baldin bazen ere, gaur egun Arabako irrati-emandegien panoraman onartuta izatea lortu du, hasierako izpiritu kritiko hura galdu gabe. Hala Bediren biziraunpena ez da patuaren apetaz suertatu. Hona hemen datu soil hau: 1987an Euskal Herrian 50tik gora irrati libre zeuden. Herri-mugimenduaren indarra gorabidean zegoen. Gerora etorri zen gainbehera, 1988az geroztik. Gaur egun ez dira hamabi baino gehiago izango. Kinka larri horretatik bizirik irautea ez da gutxi, ezta hurrik eman ere! Gorabehera asko izan dira, gauza batzuk oker egin dira, beste batzuk ongi eta, apur batzuk, oso ongi. Dena den, Hala Bediren traiektoria kontuan hartzekoa da: urterik urte bere eragina gero eta handiago da, marjinalitatetik ihesi doa, sektarismoari bizkarra eman dio eta praktika endogamikoak ere alde batera utzi ditu. Horiek guztiak dira bere arrakastaren gakoa. Baina, jakina, egitasmo hau egunez egun posible egiteko, herritar askoren indarra eta kemena behar izaten da. Xemaikorik kobratu gabe, gainera!! Hamasei urteotan ilea urdindu zaigu eta zimurdurek bekokia zartatu digute. Eszeptikoagoak ere bihurtu gara. Denborak utzitako arrastoak omen dira horiek. Aldi luze horretan gizarte-ekimen honen indarra ez da goibeldu, ordea. Areago, duela hamasei urte emandegi honek gizarte-mugimenduekin (feministekin, antimilitaristekin, ekologistekin, amnistiaren aldeko militanteekin…) hitzartu zuen maitasun-harremanak bere horretan dirau, oraindik ere, inoiz baino biziago. Hala Bedi, segi bedi.
|
TXAPA IRRATIAK ETA GAZTE ASANBLADAK OSTIRALERAKO ANTOLATU DUTEN KONTZERTUA, ELKARTASUN KONTZERTUA IZANGO DA.
Kontzertu honetako irabaziak, bost urteko Ariane neska bergaratarraren garuneko minbiziaren aurkako tratamenturako bideratuko dira. Bide batez jakinarazten da, laguntzak batzeko, hurrengo bi kontu korronteak ireki direla: Kutxa: 2101 00 70 89 0134501733 Euskadiko Kutxa: 3035 00 09 19 0090078448 Informazio gehiagorako: www.arianeappeal.com |
NUEVO CATECISMO CATOLICO ETA THE RIPPERS TALDEEN KONTZERTUATxapa irratiko kontzertuen programazioaren barne Azaroak 3 Ostirala gaueko 23:00etatik aurrera N.C.C eta THE RIPERS taldeen kontzertua izangou Bergarako Gaztetxian. N.C.C Donostiarrak La Perrera taldearen soinua jaso dute herentzian, eta La Banda Trapera del Río taldearekin alderatu dute batzuek. Tresnei dagokienez, punk eskolatik edaten dute, eta letrak adimentsuak, zuzenak eta bakunak dira. Zuzenean lortzen duten bizitasunari oso talde gutxik heldu ahal diote. Eneko Etxeandia (ahotsa) ,Iker Illarramendi (gitarra), Arturo Ibañez (gitarra),Arturo Zumalabe (bateria)eta Gonzalo Ibañez (baxua)osatzen dute taldea.diskografia: Nuevo Catecismo Católico (Goo Records) En llamas (Goo Records), Aún no habeis visto nada (No Tomorrow Records) ,Generación perdida (No Tomorrow Records), Scarred for life (Punch Records) To hell & back (Punch Records) ,100 % Punk Rock Superfight!!! (Lp) - Split W/Safety Pins (H Records), 1530 segundos de... (No Tomorrow Records.
THE RIPPERS taldea berriz bartzelonatik dator,eta beraien lan berria aurkeztera gerturatuko dira . diskografia:I'VE GOT A GUN 7" EP, 1996,WILD LIFE / FIREBALL 7", 1997,EVIL CD, 1998,XAFACAPS 7" EP, 1999,NO MÖRT CD, 2002,INVERTEBRÄT CD / LP, 2004 ,RAW EVIL 7", 2005.Bergarako gaztetxera egingo duten bigarren bisita izango da.
|