Txapa Irratia 97.20 FM

Martxoaren 7an Arrosa Sarearen IV. jardunaldiak

arrosa_topaketak_2015_txikia_

Datorren martxoaren 7an, Arrosa Irrati Sarekook irratigintzari buruzko jardunaldiak antolatu ditugu, Bilboko Kafe Antzokian. Laugarren aldia da jardunaldiak antolatzen ditugula, gogoeta egin eta elkarlanean aurrera egiteko asmoekin.

Jardunaldi hauetan, batetik, alor teknikoari begiratu izan diogu, izan irrati hasi berriek dituzten beharrei erantzuteko, izan bide luzeagoa duten irratien zalantzak argitzeko. Bestetik, baina, informazioaren, hizkuntzaren, sarearen beraren, eta sektorearen inguruan gogoeta egiteko ere erabili izan ditugu urteroko bilera hauek. Gogoeta hauetatik etorri zen, esaterako, Arrosa Sarea berritzeko asmoa, eta Zebrabidea magazinea Sarearen ardura izateko erabakia.

Aurten ere bide beretik jo nahi izan dugu, eta ikastaro teknikoak eta gogoetak tartekatuko ditugu egun osoko jardunaldian. Gogoetei dagokienez, Komunikazio ez arrazistaren inguruan, Software libreaz, eta dialean irratiok erregularizatzeko proiektu baten bueltan ariko gara, besteak beste; ikastaro teknikoetan, berriz, ekoizpenaren automatizazio software bat aurkeztuko digute Radixu Irratiko lagunek, eta hasi berri diren irratientzako ikastarorik ere egongo da.

Honetaz gain, mahai-ingurua ere egingo dugu eguerdiko 12:00etan, “Komunikabideon gaurko eta biharko erronkak: berdintasuna, militantzia eta antolakuntza ereduak” izenburupean. Hauek izango dira bertan: Estitxu Izagirre, Argiako zuzendaria; Oihana Etxebarrieta, Bilgune Feministako kidea; Ainhoa Narbaiza eta Olatz Dañobeitia, Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak; moderatzaile lanetan, berriz, Mirari Martiarena Oiartzun irratikoa eta Aitziber Zapirain Antxetakoa ariko dira.

Hau guztia festa giroan amaitu nahi dugunez, gainera, OSSO eta ANESTESIA taldeak gonbidatu ditugu geurera, eta 22:00etatik aurrera Kafe Antzokian izango dira.

Izena emateko arrosa@arrosasarea.org-ra idatzi.

Information

This article was written on 24 Ots 2015, and is filled under Albisteak.