Badator txapajaia! Apirilak 17an DENA taldian kontzertua

Azken urte honetan, irratiko uhinak bizi-bizi euki dittugun arren, irratitik antolatu ohi dittugun ekitaldi ugari bertan behera geldittu die (erramu txapatua, kaleko zuzenekoak, txapa jaia…). Eta poz haundiz, bueltan dator txapa jaia, irratitik kolektiboki antolatu ohi dogun musika-ekitaldixa.

Apirilak 17an, zapatua, atsaldeko 17:30etan DENA taldian kontzertua eukiko dogu kartzela zaharrian, “ezer sentitzeko” diskua aurkeztuz. Ondarrutik datoz; Rock alternatiboa, post hardcore eta stoner rock estiloko musika eitten dabe, beste hamaika ikutukin.

Azken urtian Kartzela zaharrian egin dien gainontzeko ekitaldixen modura, aforo mugatua egongo da eta segurtasun baldintzak betetzia ezinbestekua izango da. Sarrerak: kontzertua baino ordubete lehenau kartzela zaharrian bertan (5€).

Gora txapa jaia! piztu irrati libriak!

*Hemen DENA taldian info apur bat (Iturria. leaartibaietamutrikuko hitza)

Beñat Eizagirre (ahotsa eta gitarra), Unai Aretxabaleta (baxua eta koruak) eta Xabat Ituarte (bateria eta koruak) Dena talde ondarrutarreko kideak autoekoitzitako lehen diskoagaz datoz. Duela hiru urte musikarekiko duten pasioak batu zuen hirukotea. Ondarroako musika kolektiboak antolatutako Txilixoka Egunean zapaldu zuten estreinako oholtza. “Txilixoka Egunean parte hartzera animatu ginen, eta hortxe jaio zen taldea. Jaialdian talde gazteei eta hasiberriei taularatzeko aukera emango zietela jakin genuen, eta horretarako gogoa bagenuenez, batzea erabaki genuen”.Jaialdia taldea sortzeko pizgarria izan zen, eta hiru urteko ibilbidearen ostean kantu propiodun diskoa osatu dute. Lana ontzeko denbora hartu dutela nabarmendu dute. “Diskoan jaso ditugun kantuak aspaldi hasi ginen lantzen, 2018an idatzi genuen lehenengo kantua. Egia esan, estudioan kantuak grabatzera sartu aurretik nahikoa lan egin dugu”. Bederatzi kantez jantzi dute debuteko lana. “Abesturiko zazpi kantu jaso ditugu, eta horiez gain, bi interludio ere badaude”. Rock alternatiboa, post hardcore eta stoner rock estiloko musika egiten dute, beste hamaika ikutu eta ñabarduragaz. Sentitzen dutena kantu bihurtuz, askotariko gaiak landu dituzte: apatia, bakardadea, ignorantzia… “Horien artean azpigaiak ere agertzen dira. Kantuen interpretazioa ere nahikoa librea dela uste dugu. Batari edo besteari sentiarazi diezaiokeena desberdina izan daiteke”. Sormena puri-purian duen taldea da Dena. Kantuak denen artean osatzen eta fintzen dituzte. “Gustuko riff bat edo erritmo bat ekartzen dugu lokalera, eta denon artean konposatzen dugu melodia. Horren ostean, Beñatek hitzak ipintzen dizkio doinu horri”.  Estiloari dagokionez, rock alternatiboa, post hardcore eta stoner rock estiloko musika egiten dute, beste hamaika ikutu eta ñabarduragaz. “Traparen oinarri batzuk erabili ditugu, musika elektronikoa ere sartu dugu, punkera hurreratzen den kantu bat ere badugu,… ez dugu inolako aurreiritzirik”.

Author: Txapa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude